XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Disoluzio gaseosoak

Disoluzio gaseosoen artean oso garrantzi handiko bat airea dugu. Gas hauek ditu bereziki, oxigenoa, nitrogenoa, karbono dioxidoa, ur-lurruna, etab.

Gasak bolumenaz bolumen disolbatzen direla esan liteke, hori dela eta atmosferako airea osatzen duten gasen banaketa aski homogenoa da.

Ontzi baten barruko airean, gas partikulak alde guztietara higitzen dira, zernahi proportziotan nahastuz, nahastea homogenoa egiten den arte.

Hain zuzen, gasak erraz nahasten direlako, airera jaurtitzen ditugun partikulak aise hedatzen dira bertan.

Hainbat industria, edo kotxeen motore, edo berogailu etab.etako errekuntzan sortutako gas asko aire atmosferikora igarotzen dira, kontrol-aparatu egokirik ezean, eta ondorio kaltegarriak eragiten dituzte izaki bizidunengan.

Errekuntza hauetako gehienetan karbono dioxidoa ere sortzen da, izaki bizidunentzat ezinbestekoa den gas atmosferikoetako bat oxigenoarekin batera.

Karbono dioxidoa ez da toxikoa errekuntzatan sortutako gas gehienak bezala; hala ere gehiegizko neurrian atmosferan, berotegi efektua eragiten du, hau da, tenperaturaren igoera lurrazal inguruan.

Disoluzio solidoak

Disoluzio solido edo aleazioen kasuan, metalak tenperatura handietara berotzen dira, urtu daitezen eta disolbatu metal baten partikulak bestearenen artean sakabanatuz, eta ondoren hozten uzten da.

Horrela, letoia adibidez, kobrea eta zinka disolbatuz lortzen da. Brontzea, kobre eta eztainuz eraturik dago.

Garrantzi handiko aleazioen artean, altzairua daukagu, burdina eta karbonoaren disoluzioa, edo eta duraluminioa, hegazkingintzan erabilia.

Urrea zilarrarekin edo kobrearekin aleaturik bitxiak egiteko erabiltzen da.

Aleazio hauen urre kantitatea adierazteko unitate berezi bat dago, kilatea deitzen da, eta urre aleazio batek daukan urre puruaren hogeitalaurena da.

18 kilateko pieza batek, 18 zati urrezkoak ditu, eta sei zati beste metal batekoak.

- Marraztu sektore-diagrama bat airea eratzen duten gasen proportzioekin: oxigenoa: % 21, nitrogenoa: % 78, argona: % 0,93, karbono dioxidoa: % 0,03 beste batzuk, gainerakoa.

- Adeitasunez behatzen baduzu aire-osaketaren diagrama, oxigenoa nitrogenoa baino ugariagoa dela ikusiko duzu; oxigenoa dentsoagoa da, beraz.

Orduan zergatik ez dago oxigeno atmosferikoa, soilik lurrazaletik hurbilago eta nitrogenotik bananduta?

Berotegi efektua: eguzki-erradiazioak atmosfera zeharkatu eta lurrazalera iristen dira, baina isladatzean, aldatu egiten dute sartze-ahalmena, eta jada ez dira berriro bestalderantz irteteko gai, gas karboniko larregi duten geruzak zeharkatuz

- Azaldu marrazki eskematiko batean, eguzki izpien ibilia lurreraino gas trinkodun gunea zeharkatuz, eta gero izpien itzulia, Lurrean isladatu ondoren ihes egin ezinik (berotegi efektua).